Oliba olioa Nafarroan

Nafarroa hegoaldeko oliba olio birjina estra eskaintzera dator Errigora egunotan. Baina noiztik ekoizten da olioa Nafarroan? Zenbat? Eta zenbat olio kontsumitzen dugu Euskal Herrian? Galdera hauen erantzunak topatuko dituzu hemen, eta, ziur aski, berriak sortuko zaizkizu.

Cascante, Barillas, Ablitas... Erromatarren garaiko olio erroten aztarnak aurkitu dira Nafarroako hainbat herritan. Beraz, bistan da olibondoek 2.000 urte, behintzat, badaramatela nafar paisaia janzten. Baina, datuak ditugunetik, lurrotako olio ekoizpenaren garai emankorrena XX. mende hasiera izan zen.

Ekoloren

1967an Nafarroako olibadiek 8.682 hektareako hedadura zuten. Ordutik 1995era etorri zen, baina, olibondoen benetako gainbehera. 1995ean 2.297 ha baino ez zituzten betetzen. Hala ere, gainbeheraren ostean loraldia; urte hartatik aurrera goranzko joera nabaria eman zen, eta egun 7.500 hektareatan ari gara 135 herritan banaturik.

1995. urtean hasi zen, hain zuzen, nafar olio erroten berregituratze eta modernizazio prozesua. Ordura arteko olio kooperatibak elkartu eta beste pribatu batzuk sortu ziren. Gaur egun 17 dira olioa ekoizten duten errotak.

oliba

OLIBA BARIETATEAK

Nafarroan gehien lantzen diren oliba barietateak Arroniz, Enpeltre eta Arbekina dira, eta hiru barietate horietatik eratorritako Nafar jatorrizko denominazioa existitzen da 2007az geroztik.

EKOIZPENA ETA KONTSUMOA

Bazenekien azken urteotan batazbeste 3.000.000 litro olio ekoitzi direla Euskal Herrian? %98 Nafarroan eta %2 Araban. Hala ere, apurka-apurka, urtero ari da euskal ekoizpena igotzen, gero eta jende gehiagok ogibide duelarik.

Eta bazenekien urteko pertsonako batazbesteko olio kontsumoa 13 litrokoa dela? Horietatik 9 dagozkio oliba olioari (oliba, oliba birjina eta oliba birjina estra), 3,5 ekilore-olioari eta 0,5 beste hainbaten artean banatua dago. Beraz, batazbesteko datuok aintzat hartuz, Euskal Herrian (3.200.000 biztanle) oliba olioren kontsumoa, gutxi gorabehera, 30 milioi bueltakoa da.

Leave a comment

Plain text

  • No HTML tags allowed.
  • Web gune eta posta helbideak lotura bezala agertuko dira automatikoki.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.