Nafarroa hegoaldeko uzta, eskutik eskura

Urte berriarekin, proposamen berria dakar Errigorak: udazkeneko saskian dastatu genituen produktuak eguneroko kontsumo ohituretara ekartzea. Otsailaren 20tik martxoaren 4ra oliba olio birjina estra eskatu ahal izango da.

Asko gara udazkeneko kanpainako keinuaz harago, gure kontsumo ohiturak birplanteatu eta, urrunekoen ordez, urte osoan bertoko jakiak kontsumitzeko prest gaudenok. Horretara dator #ESKUTIKeskura, Nafarroa hegoaldeko produktuak herriz herri eta ekoizlearen jatorrizko prezioan eskaintzera, despentsa urte guztirako betetzeko. On egin!

Eskutik

Kontsumo arduratsuago batera salto egiteko proposamena dakarkigu, beraz. Baina...

ZERTARAKO?

Kalitatezko jakiak eskuratzeko. Oliba olio birjina estra, zainzuriak, Lodosako pikillo piperrak, potxak, menestra… Denak ere primerako jakiak direlako, gastronomiaren zein osasunaren ikuspegitik.

Ingurumena zaintzeko. Bertoko produktuak kontsumitzea baita karbono aztarna murriztu eta paisaia mantenzeko bide eraginkorrena.

Gure nekazari eta ekoizleen ogibidea babesteko. Lehenengo sektorea eta tokiko elikagaien industria bizirik eta duin mantentzea ez ezik, berau sendotu eta haztea gure esku dagoelako.

Bistan da, urrunekoen ordez, bertoko produktuak kontsumitzeak onura nabarmenak dituela gure inguru hurbilean. Argitu dugu, beraz, zertarako. Baina...

NOLA?

Logika espekulatibotik kanpo dagoen merkaturatze bide bat eraikiz. Urtean behin eta urte guztirako eskaerak egiteko bide emango duena, bitartekorik gabe.

Eskutik

Auzolanean. Elkarlanean eta herrika antolatuta. Ablitas, Agurain edo Mauleko lagunen artean zubiak eraikiz. Euskaraz, eskariak eta banaketa, talde handietan eginez.

Nekazari eta ekoizle zein kontsumitzaileentzat egokia den prezioan. Edo, bestela esanda, ekoizlearen jatorrizko prezioan.

ERRIGORAREN SAREA

Iaz 30 bat herritan zabaldu genuen bide berri hau. Emaitzak izugarriak izan ziren: 30.000 litro olio eta 50.000 kontserba ontzi heldu ziren 1.500 sukaldetara. Aurten, berriz, Errigoraren sarea sendotuta, 50 herritan eskainiko dugu kontsumo bide berri honekin bat egiteko aukera.

Era berean, aurtengoan iazkoan baino ekoizle eta nekazari gehiago batu zaizkigu proiektura. Horixe da eta, hain zuzen, Errigoraren erronka: urtetik urtera sarea zabaltzea. Kanpainatik kanpainara, elikadura burujabetzaren bidera kontsumitzaile, ekoizle eta nekazari gehago batzea. Zatoz ba, zeu ere, ekintza txikiekin helburu handiak lortzera!

BI KANPAINA

Eskutik eskurak kanpaina bi izango ditu. Otsailean oliba olio birjina estra eskatzeko tartea izango da; maiatzean, berriz, kontserba loteek hartuko dute txanda. Eskaerak bi eratan egin ahal izango dira: 50 herriotan banatuko den eskuorria betez, ala sareko inprimakiaren bidez. Produktuak Errigorak aurretiaz zehaztutako guneetako batean jaso beharko dituzu. Eskaera egiterakoan esango diguzu zeinetan, eta geuk jakinaraziko dizugu produktuak jasotzeko egutegi eta ordutegia. Adi, beraz! Ez galdu aukera, eta eman zure ingurukoei eskutik eskuraren berri!

 

Leave a comment

Plain text

  • No HTML tags allowed.
  • Web gune eta posta helbideak lotura bezala agertuko dira automatikoki.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.