Errigoran parte hartzen duten ekoizleek haien webguneak euskaratzeko konpromisoa hartu dute

Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura-ren kontserba-loteen kanpainaren atarian, Errigoran parte hartzen duten ekoizleek euskararekiko hartutako konpromiso berriak aurkeztu ditugu Iruñean emandako prentsaurrekoan.


Produktuak euskaraz etiketatzeko emandako lehen urratsaren ostean, gaur web guneak euskaratzeko pausua eman dute ekoizleek, eta bihar pausu berriak emateko moduan izango gara. Ékolo etxeko Veonica Etxeberriak (gazteleratik itzuli ditugu bere hitzak) horrela azaldu du egindako apustua:

Gaur egun arte 15 ekoizle bildu gara Errigoraren inguruan. Nafarroa hegoaldearen lau ertzetako 15 ekoizle. Abiltasetik Oibarrera, Lodosatik San Isidro del Pinarrera. Nekazariak gara, kontserbagileak, edo olio ekoizleak, baita ardogileak ere. Eta, jatorri eta langintza anitzak izanagatik, gure produktuak beste era batera merkaturatzeko bildu gara.

Lankideak garelako elkartu gara; ez lehiakideak. Taldean indartsuago garelako eta elkar ezagutza eta laguntzarako espazioak sor ditzakegulako. Bertoko eta kalitatezko produktuak bidezko prezioan eskaini nahi ditugulako, produktua erdigunean kokatuko duen bestelako bitartekaritza baten eskutik. Zirkuitu laburreko merkaturatze eredu batek gure inguru hurbilari on egingo diola sinistuta gaudelako egin dugu bat. Ingurumena babesten lagunduko digulako eta ondokoen arteko harremanak indartuko dituelako. Elikaduraburujabetzaren bidean aurrera egiten lagunduko digulako.

Alabaina, bistakoa da merkaturatze bide batek, gutxienez, oinarrizko bi piezaren beharrizana duela. Ez da nahikoa ekoizpenaren aldearekin. Gure produktuak bestelako bideetatik eskuratzeko prest dagoen kontsumitzaile arduratsuen komunitatea beharrezkoa da. Bada, komunitate hori izan bada. Eta gero eta handiagoa da. Azken hiru urteotan baieztatu dugu. Martxoan egiaztatu genuen, urrun joan gabe, 5.000 etxetara 75.000 litro olio eraman genuenean.

Komunitate bizi, konprometitu eta arduratsua da. Orokorrean euskaraz mintzo da eta, ulertzekoa denez, produktuak lingua navarrorumean eskatzen dizkigu. Guk, lehen urratsean, euskaraz etiketatutako produktuak eskaini genizkion, baina gehiago egin genezakeelakoan geunden. Horregatik eman dugu orain bigarren pausu hau: gure web gune guztietara sarbidea euskaraz ere eskaintzea. Honela, aurrerantzean sarearen bidez guri eta gure produktuei buruz jakin nahi duen edonork, euskaraz egiteko aukera ere izango du.

Egia da gutakoren batek, bere kabuz, dagoeneko urrats hau emana zuela, baina egiteko honi heltzeko erabaki kolektiboa orain bi hilabete hartu genuen. Orduantxe ekin genion gure web guneak itzuli eta egokitzeari; batzuek jada amaitu dugu lana eta gainontzekook datozen hilabeteetan amaituko dugu.

AEKren, Sortzenen eta Ikastolen Elkartearen ordezkariak ere izan dira prentsaurrekoan, ekoizleek emandako pausuari babesa ematen. Koldo Tellituk (Ikastolen Elkartea) hartu du hitza:

Jakina den moduan Erriroga proiektuaren ardatzetariko bat Nafarroa hegoaldeko produktuei Euskal Herriko plazan bidea ematea da, merkatu globalizatua eragiten ari den kalteari aurre egiteko eta Elikadura burujabetza bultzatzeko, eta bestetik zabaltze horretan ateratzen den etekin ekonomikoaren zati bat Nafarroa hegoaldeko “zona no vascofona”ko euskalgintzara bideratzea ere.

Guzti hori auzolanean, herrigintzan, nazio-eraikuntzan eginez, gure herrian hain ezagun eta emankorra izan den lan molde hori berreskuratzeko beharraz ohartuta, herriak determinazioa duenean administrazio publikoen beharrik ez duela erakutsiz.

Nafarroa hegoaldean euskararen egoera larria da gaur egun ere, gorputz juridiko egokirik izan gabe jarraitzen du, ez dago plangintzarik euskararen aldeko ekimen herritarrek garapen esanguratsua izan dezaten eta azken aurrekontuek ere ez dute zonalde horretan euskararen aldeko salto bat suposatu. Beraz, Nafarroa hegoaldean euskarak oraindik ere aurrera egiteko Euskal Herri osoaren elkaratasunaren beharra du.

Errigoraren udazkeneko kanpainan ekarpen ekonomikoa Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara zuzentzen da eta hau oso laguntza preziatua da behar ekonomiko asko eta askori aurre egin ahal izateko, baina, horretaz gain, inguru horretan euskararen aldeko lanean ari direnek Euskal Herri osoaren elkartasuna eta babesa sentitu dezaten ere garrantzitsua da.

Bestalde, argi geratzen da ekoizleena ere ez dela euskaratik urruti dagoen mundua, Errigorak azken urteetan bultzatutako kanpainetan sortutako giroa eta sentsibilitetea baliatuz Nafarroa hegoaldeko euskalgintza eta nekazaritzaren artean harreman iraunkorrak eraiki dira.

Harreman iraunkortze honen ondorioz eragileok eguberritako kanpaina desberdinak bultzatu ditugu eta ekoizleek euskalduntzearen bidean pausu Berriak eman dituzte, produktuak euskaraz etiketatzea izan zen lehenengo urratsa eta orain beste batzuk etorri dira, beraien webguneak euskaratzeko AEKren itzulpengintza zerbitzuaren laguntza izan dutelarik.

Amaitzeko euskarak, hiztunez gainera, erabilia izateko eremuak behar ditu, bai ahozkoak zein idatzizkoak eta baita teknologia berrietan ere, horiek eraikitzeko norberak egin dezakeenetik hasi eta besteekin ELKARLANEAN arituz. Euskara normalizatzeko herritarren konpromiso sendoaz batera, askotariko elkarte eta erakundeen arteko lankidetza egitasmoak konpartitzea ezinbestekoa da, alegia, gaur bertan egiten ari garena.

Leave a comment

Plain text

  • No HTML tags allowed.
  • Web gune eta posta helbideak lotura bezala agertuko dira automatikoki.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.