Ekoizleak izerditan jarri ditugu 160.000 ontzi kontserba lortzeko
160.000 ontzi kontserba! Iaz baino %78 gehiago. Hankak dar-dar utzi dizkigu aurtengo kanpainako eskaerak eta izerditan bukatu dugu ikasturtea guztiontzako beste produktu lortzeko.
Zainzurien kanpaina luzatu behar izan dugu El Escolar eta Iturrirenean. Piper nahikorik ez eta, hainbat kasutan, 9 ontzi txikiz ordezkatu behar izan ditugu 6 handi. Potxa ekologikoak ere agortu egin zaizkigu... Ez sinistekoa! Zorionak eta eskerrik asko guztioi!!! Mila esker auzolanaren, euskararen eta elikadura-burujabetzaren bidean sakontzeko aukerak sortzeagatik!

Zalantzarik gabe, ikasturte eder bati amaiera biribila eman dio kontserba-loteen kanpainak. Gure txikitasunetik, gauza handiak egin baititugu aurtengoan:
- Euskarari on egin diogu: Udazkeneko kanpainan 160.000€ bideratu genituen Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara, eta Errigoran parte hartzen duten ekoizleek euskararekiko konpromiso berriak hartu dituzte, web guneak euskaratzeko prozesuari ekinez.
- Elikadura-burujabetzari on egin diogu: Bertako 80.000 litro olio eta 300.000 ontzi kontserba baino gehiago banatu ditugu ikasturte honetako kanpaina guztiak batuta. Apurka-apurka, milaka lagun kontsumo ohiturak aldatzen ari gara eta gero eta Nafarroa hegoaldeko ekoizle gehiagok begiratzen dio bertako merkatuari.
- Ingurumenari on egin diogu: Bertako ekoizpena bultzatu eta barne-merkatua indartuz, paisaia babestu eta karbono aztarna murrizten lagundu dugu.
- Lurraldeen arteko harremanei on egin diegu: Apaltasun osoz, herria egiten ari gara, euskal herrien arteko harreman ekonomiko eta sozialak indartuz.
Baina hau guztia ez zaigu zerutik erori. Aitzitik, ekoizle eta kontsumitzaile arduratsuek bat egitearen ondorio da, eta bi aldeon artean auzolanean altxatu ditugun zubiek egin dute posible.
15 ekoizle bertako baratzaren uzta bestela merkaturatzeko prest
Errigoraren inguruan biltzen diren Nafarroa hegoaldeko ekoizleen familia haziz doa. 2012an 2 ekoizlerekin hasi genuen bidera urtez urte ekoizle berriak batuta, dagoeneko 15 izatera iritsi gara. Nafarroa hegoaldearen lau ertzetako 15 ekoizle: Ablitasetik Oibarrera eta Lodosatik San Isidro del Pinarrera. Nekazari, kontserbagile, olio ekoizle zein ardogileak, jatorri eta langintza anitzak izanagatik, euskal merkatuari bertako produktuak bidezko prezioan eskaintzeko bat eginda. Lankidetzan oinarrituta, elkarren aurka lehiatu ordez. Elkar ezagutu eta elkar laguntzeko prest.
12.000 kontsumitzaile euskarari puzka eta 5.000 eskutik eskura
Udazkeneko kanpainan 12.000 etxek egin genuen putz euskararen alde, herrigintzatik herrigintzari lagunduz eta ekintza txikiekin helburu handiak lor daitezkeela erakutsiz. Eskutik eskura filosofiarekin bat egiten duten familien kopurua, berriz, urtez urte handiagoa da, eta dagoeneko 5.000 gara. Horrela, pixkanaka, bertako produktuak eguneroko kontsumo ohituretara ekartzeko apustua egiten dugun kontsumitzaile arduratsuen komunitatxoak sendotzen eta zabaltzen ari gara herriz herri.

Leave a comment