90.000 kontserba ontzi, 3.000 etxe eta irri zabal bat

Zorionak guztioi! 90.000 kontserba ontzi baino gehiago banatuta borobildu dugu ikasturte ilusionagarri hau. 3.000 etxe inguruk egin du bat kanpainarekin, bataz beste, gure despentsak hiru loterekin betez, urtebetean Nafarroa hegoaldeko zainzuri, orburu, piper, potxa eta menestrarik falta ez dakigun.

Ikasturte oparoa izan da aurtengoa Errigorarentzat. Irailean proiektua egonkortu eta sendotzeko erronka jarri genion gure buruari; ekainean, atzera begiratu eta helburua beteta ikusita, indarberrituta ekingo diogu datorren ikasturtea prestatzeari.

Ikasturte honetan aurrera pausu nabarmena eman dugu parte hartzaile kopuruari dagokionean. Udazkeneko kanpainan zein olioarenean, iazko zenbakiekin alderatuta, %50 gehiago elkartu gara kontsumo arduratsuaren bidean. Kontserba loteen kasuan, ostera, %80 gehiago. Baina jende gehiagorengana heltzeaz gain, bereziki azpimarratzekoa iruditzen zaigu aurreko ikasturteko kontsumitzaile arduratsu gehienok aurtengoan ere errepikatu izana.

Auzolana-ablitasen-05

Ekoizleei dagokienean ere, pausu kuantitatiboa kontuan hartzekoa da, iazko ikasturteko ekoizleen kopurua bikoiztu egin baitugu aurtengoan.

Zenbakietatik harago, baina, aurtengoan ahalegin berezia egin dugu Nafarroa hegoaldeko biztanleen bizipenak lehen planora ekartzeko. Zonaldeko euskaltzale, ekoizle eta nekazarien problematikak ekarri genituen udazkeneko kanpainara Tere, Imanol eta Angelen eskutik.

Gainontzean, web gunea sortu, komunikabideetan arreta deitu eta eskaerak online egiteko bidea zabaldu dugu, besteak beste.

Eta ezin aipatu gabe utzi Errigoraren sarea. Hara eta hona, borondatez, gure herri eta auzoetako kaleetan zein karrika birtualetan aritzen diren ehunka lagunak. Errigoraren bihotz taupadak. Eskaera eta banaketa guneak topatzen aritzen direnak, produktuen dastaketak antolatzen dituztenak, euren herrietako komunikabideei matraka ematen ibiltzen direnak, banaketako anabasa nola hala taxutzen dutenak, auzolanean Ablitasen elkartu ginen 120ak... Biba zuek! Biba gu! Gero eta gehiago gara! Jarrai dezagun bestelako kontsumo eredu bat bestela eraikitzen!

Leave a comment

Plain text

  • No HTML tags allowed.
  • Web gune eta posta helbideak lotura bezala agertuko dira automatikoki.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.